2012/01/25

HAURREN ESPLOTAZIOA HIRUGARREN MUNDUAN




Aztertuko dugun gaia, XXI. mendean ezinezkoa iruditu dakiguke, baina tamalez egia da eta haurren esplotazioak gure munduan jarraitzen du. Dudarik gabe, gizarte kapitalistaren beste ondorio bat da, baina kasu honetan hirugarren munduko umeei kalte egiten diegu. Zergatik? Hango umeek, hemengoek baino eskubide gutxiago dauzkate?

Denok dakigunez, teorian bi mundu bereizten dira. Alde batetik, garatuta dagoena eta gauzak sortzen dituena; alegia, lehen mundua. Beste aldetik, zorretan dagoena eta baliabide bakar bezala nekazaritza duena; hots, hirugarren mundua. Nola ez! Munduaren erdia beste erdiaren kontura bizi denez, esan dezakegu lehen mundua existitzeko, hirugarren mundua beharrezkoa dela. Esan nahi dudana zera da, Lurraren heren bat hain erosoa bizitzeko, beste hiru laurdenak, bizitza gogorragoa jasan behar dutela, ez erosoago bizitzeko, “bizitzeko” baizik. Desberdintasun hau apurtuko balitz, gure egoera asko aldatuko litzateke.

Jarraituz, kapitalismoaren leloa kosta ahala kosta, dirua irabaztea da. Lehen munduan ikerketak egiten dira gauzak sortzeko eta hemen eskulana oso garestia denez, multinazionalak hirugarren mundura joaten dira ekoiztera. Esate baterako, zer multinazional ez dauka lantegi bat Indian, Brasilen edo Txinan? Lehengaiak haraino eramatea eta ekoiztea, hemen egitea baino merkeagoa da. Herri hauetan, umeek beharrak bete gabe dauzkate, eta oso erraza da lanean hastea diru pixka bat lortzeko; baina hori ez da bidezkoa, gobernuek derrigorrez zerbait egin behar dute. Lan egitea ez da umeen bete beharra, helduena baizik; umeek ikasi eta jolastu egin behar dute. Non dago Umearen Eskubideen Hitzarmena?

Badirudi, multinazional batzuei ahaztu egin zaiela. Duela urte batzuk Nike-ko eta Adidas-eko kiroletako materiala (baloiak, zapatilak…) umeen eskuz egina izan zen. Hirugarren munduko umeek ogitarteko baten truke baloi bat ekoizten zuten, lehen munduko guraso batzuek baloiagatik  50 euro ordaintzeko. Zelako irabazia! Enpresa hauek salatuak izan zirenean haren irudia garbitzeko gosearen kontrako kanpaina batzuk egin zituzten. Ez da nahikoa! Jokabidea aldatu behar dute eta umeen eskubideak babestu behar dituzte.

Bukatzeko esan dezakegu, apika, egoera hau aldatzea kontsumitzaileen eskuetan dagoela. Gure ohiturak aldatu ditzakegu  hemengo produktuak bultzatzeko. Dena atzerrian ekoizten badugu, zer egingo dugu hemen? Ez da hobea herri bakoitzak beren ekonomia sortzea? Horrela ez dira hainbeste desberdintasun egongo eta herriek abagune gehiago edukiko dituzte garatzeko. Helduen ongizatea ez ezik, umeena ere hobea izango da. Zoritxarrez lehen munduan, hori guri bost axola eta gainera, aldaketa horrek ondorio txarrak ekartzen baditu, muzin egingo diogu.

2012/01/24

ARISTIZABAL BASERRIA



Goierriko bailara lainotuta dago; mendi gailurrak izoztuta egon arren, eguzki izpiak  hasten dira ikusten. Eskuinetara bidegurutze bat eta bat-batean gora joaten den aldapa. Hor dago bilatzen duguna, bakarrik,  XV. mendeko eraikin bat, Aristizabal baserria hain zuzen ere.

Baserri honetan ikus dezakegu nolakoa den baserritarren bizimodua. Duela hogeita hamahiru urte bere jabeak (Xabi eta Marilu) ilusioz beteta ailegatu ziren. Ez ziren baserritarrak, ez zuten beharrezko ezagutza, baina hala eta guztiz ere, bere helburua baserritar bihurtzea  zen. Hau nekez, gogoz eta ilusiz lortu dute. Baserriaren aurrean baratza eta poni batzuk dituzte, baina jarduera garrantzitsuenak hiru dira: sagardoa, sagar marmelada eta ogia osagai biologikoekin ekoiztea. Gure gelakoei, sagar marmelada egitea tokatu zaigu eta gustura egin dugu.

Sagar marmelada egiteko behar ditugun osagaiak, bi dira: sagarrak eta azukrea. Sagar mota desberdinak daude, baina erabili dugun mota Errezil-Sagarra izan da. Mota honek, besteek baina azukre gehiago du eta hoberena dela esaten dute, erabilpen desberdinetarako balio baitu: bai sagardoa egiteko, bai zukua ateratzeko…Sagarrak Aristizabal baserrikoak dira, baina sagar bat lortzeko zenbat gauza gertatu behar diren, harrituta geratzeko modukoa da.

Sagarraren bihotzean dauden pipitak, haziak dira. Udaberrian hazi hauek lurrean landatzen baditugu, sagarrondo bat aterako da, baina zuhaitz honetatik ez dugu lortuko sagar onik, oso txikiak  eta txarrak baizik. Sagar onak lortzeko txerto bat egin behar dugu. Txertoa, ebakuntza bat bezalakoa da: lehenik eta behin, beste sagarrondotik lore-begiz betetako zurtoin bat hartuko dugu; bigarrenez,  neguan sagarrondoaren enborrari pitzadura bat egingo diogu; hirugarrenez, zurtoina pitzaduran sartuko dugu eta bukatzeko masilla batekin tapatuko dugu dena. Txertoei esker nahi ditugun sagar motak lor ditzakegu.

Sagarrak lortzeko, polinizazioa ere beharrezkoa da. Polinizazio honen % 80, erleek  egiten dute; bere lana oso garrantzitsua da, lorea fruitu bihurtzeko. Horregatik Aristizabal baserrian erlauntz asko dituzte, eztia lortzeko ez ezik, polinizazioari ere laguntzeko.

Sagarraren bitxikeriak kontatu eta gero, marmelada egiteko prozesua azaltzea oso erreza da. Hau da egin behar duguna: sagarrak zuritu eta zanpatu; azukrea bota, sutan jarri eta eragin itsatsita ez geratzeko; bukatzeko poteetan sartu eta buruz behera jarri.

            Amaitzeko, esan behar dut txangoa oso interesgarria iruditu zaidala. Baserritarren jakinduria oso aberatsa da. Batzuek ez dute  ikasteko aukerarik eduki, beste batzuek ez dakite gaur egungo teknologiak erabiltzen, baina hala ere badakite zer egin behar duten bere kabuz bizitzeko laguntzarik jaso gabe (elikagaiak lortu, animaliak zaindu, baratza eta zuhaitzak landu…). Horregatik, baserritar batzuek, Xabik bezalaxe, bere bizimodua erakusteko aukera ematen digutenean, asko pozten naiz. Nire ustez, haiei esker hemengo ohiturak ez dira galduko eta lan handia egiten ari dira, baserrietako soroetan ez ezik, gizartearen onerako ere.

2012/01/19

ENERGIA NUKLEARRA, BEHARREZKOA ALA ARRISKUTSUEGIA?


 
           Munduko istripu nuklearrik larriena duela 22 urte gertatu zen Txernobilen. Istripuaren ondorioz jende asko hil zen, 4000 eta 93000 artean minbiziaren erruz hain zuzen ere.  Bestalde, gure bizimoduan gero eta energia gehiago behar dugu, gure etxeak  tresna elektrikoz beteta daude eta elektrizitate gabe ez gara inor. Bi esaldi hauek, energia nuklearraren bi aurpegiak erakusten dizkigute: alde batetik, oso arriskutsua da, baina besterik, beharrezkoa da.

Arlo guztietan bezala,  batzuk energia nuklearraren alde daude, Gobernuak batez ere. Beste batzuk, energia mota honen kontra daude, ekologistak batik bat. Izan ere, bere jarrera defendatzeko, bakoitzak argudio desberdinak erabiltzen ditu.

Herri batzuek apustu garbia egin dute energia nuklearraren alde; adibidez, Frantzia, Finlandia, Japon edo Estatu Batuek. Frantzian 23 zentral nuklear daude eta beren asmoa erreaktore gehiago jartzea da. Haien ustez, energia nuklearraren abantailak hiru dira: garbia, merkea eta segurua da. Garbia dela esaten dute, urtero 60 miloi tona CO2 isurtzea saihesten duelako. Oso merkea da, bere kostuak oso baxuak baitira eta gainera oso segurua da, gaur egungo aurrerapenekin istripu bat gertatzea ia-ia ezinezkoa baita. Horrela esanda, energia mota hau erabiltzea ez litzateke gaizki egongo.

Esan dudana egia izan arren,istripu nuklear baten ondorioak itzulezinak izan daitezke. Bai, mundu osoan zentral nuklear asko daude martxan, baina istripu nuklear batengatik arazo larriak sor daitezke munduko herri askotan. Iaz, martxoren 11n, Fukushimako istripu nuklearra gertatu zen. Oraindik ez dakigu zeintzuk izango diren istripuren ondorioak, baina asmatu ditzakegu. Erradiazioa zabaldu egin denez, zuhaitzak eta zelaiak ez ezik, ura ere kutsatu egin da. Gero gizakiek eta animaliek elikagai horiek jango dituzte eta kutsatuta geratuko dira. Gurpil zoroa da. Tamalez, kutsadura honengatik, gaixotasun asko agertzen dira.

Hala ere, elektrizitatea behar dugu. Gure aitona-amonen garaian etxeetan  bonbillak soilik zituzten. Gaur egun, tresna guztiak elektrizitaterekin dabiltza: hozkailua, labea, ordenagailua, berogailuak… dena. Argia joaten bada, galduta gaude. Erosotasunak edukitzeko eta mantentzeko,  gero eta elektrizitate gehiago kontsumitu behar dugu, baina gero honen ekoizpenaren ondorioak ez ditugu jasan nahi. Nire ustez, energia nuklearra bultzatu gabe, oreka batera ailegatu behar dugu: alde batetik kontsumo arduratsua edukitzea; eta beste aldetik, energia-iturri berriztagarriak bultzatzea. Neurri hauek ez baditugu hartzen, Lurra gero eta kutsatutagoa egongo da, izadiaren oreka apurtu egingo da eta gizakiek ondorioak  jasango dituzte. Hurrengo belaunaldiei, nola utziko dizkiegu izadia, mendiak eta ibaiak? Gure eskuetan dago, jokaera aldatzea hori ez gertatzeko.

2012/01/16

NOIZ ALDE EGIN BEHAR DUTE SEME-ALABEK ETXETIK?


Hasteko esan dezadan gizakien ohiturak eta egoerak belaunaldiz belaunaldi aldatzen direla. Lehen 20 urteko gazte bat bere etxean bizitzen ikustea oso arrunta zen; orain, ordea, 30 urteko gizon bat oraindik gurasoen etxetik hegan egin gabe dago.
Aldaketa hau ulertzeko adibide batzuen bidez esplikatzen saiatuko naiz. Lehenik eta behin gure gurasoen garaian lan baten bila bazenbiltzan oso erreza zen aurkitzea. Industrializazio garaia zen,  bigarren sektorea hasten ari zen eta lantegiek langileak  behar zituzten. Honela, gazteek dirua irabazten zuten etxebizitza bat erosteko edo alokatzeko.  Gaur egun, krisiarengatik egoera oso larria da. Gazteak inoiz baino trebatuagoak gaude, baina hala ere ez daukagu aukerarik lanean hasteko. Gure langabeziaren tasa altuena da eta sosik gabe gaude etxetik ateratzeko.
Bigarrenez, azken urteotan estatuaren negozioa  etxebizitza izan da. Bi aukera dauzkagu: bata, erostea eta bestea, alokatzea. Etxebizitzak gero eta garestiagoak dira eta bat erosteko banku bati mailegu bat eskatzea beharrezkoa da; gazte baten soldataren % 60, mailegua ordaintzeko da. Gainera lanpostuak orain ez dira hain egonkorrak; batzuek  lanpostua galdu dute, kale gorrian geratu dira etxebizitza gabe eta gainera mailegua ordaintzen. Alokatzeari dagokionez, Espainia da Europako alokairu garestienak dituen lurraldea.  Alokairu bat ordaindu edo mailegu kuota bat ordaindu ia-ia gauza bera da.
Hirugarrenez, familiek gero eta seme-alaba gutxiago izaten dituzte.  Adibidez, seme-alaba bakar asko daude. Logela bat ordenagailu batekin, janaria prestatuta, arropa garbia eta batzuetan dirua ematen digute. Oro har, gurasoekin oso gustura bizi gara, baina jokabide hau erosoa izan arren, adin batekin gure bizitza egin behar dugu  gurasoen etxetik at.
Nire ustez, gobernuek alokatzeko etxebizitzak eta babes ofizialeko etxebizitzak bultzatu behar dituzte. Europako estatu batzuetan 18 urteko gazteek diru-laguntza jasotzen dute etxebizitza bat alokatzeko. Hasteko hau izan daiteke irtenbide bat. Kontua zera da: hemen alokairuak ez dira jaisten eta zeuden diru-laguntzak murrizketarengatik desagertu egin dira. Kontuan hartu behar dugu etxebizitza oinarrizko ondasuna dela. Adibidez, Finlandian lurra, herri-jabariko ondasuna da, eta denek daukate eskubidea lur zati batean etxebizitza egiteko.

2012/01/09

EGUBERRI JAIAK: ZORIONEZ AMAITU DIRA

Gizendu egin gara, familiarekin pozik egon gara, sabela goxokiz bete dugu, armairuak opariz beteta daude, amatxoek galtzerdi batzuk opari dizkigute, bikotekideak lurrin bat erosi digu, amaginarrebarekin eztabaida eduki dugu...Nahikoa da!! Eskerrak Gabonak bukatu direla!

Esan ditudan adierazpenak betiko topikoak dira. Nola ez! Dudarik gabe topiko hauek familia guztietan gertatzen dira, baina geure buruari galdetu behar diogu ea zer diren Eguberri Jaiak. Galdera honi erantzutea ez da hain erreza.

Alde batetik, gure aitona-amonen garaian Gabonen esanahia desberdina zen, kristautasunaren gertaera garrantzitsuena ospatzen baitzuten. Bibliak esaten du gabonetan Jesus jaio zela. Beraz, Gabonak kristauentzat  erlijio zentzua dauka.

Beste aldetik, sinesgabeentzat esanahia desberdina da. Beraien kasuan neguko solstizioa ospatzen dute. Kristautasuna ailegatu baino lehen, betidanik gizakiek ospatzen zuten negu heltzea; ospakizunaren helburua hau zen, neguari ongietorria ematea.

Gaur egun, Gabonak kontsumoaren jaia dira. Berdinketa hau jarriko nuke: gabonak = kontsumoa. Gure bizitzan sortzen zaizkigun gutiziak betetzen ditugu, gure etxeetan denetik daukagu; dela janaria, dela arropa, dela tresnak eta abar, baina beharrezkoak ez diren gauzak erosi behar ditugu gabonak baitira. Hori gutxi balitz bezala, egun osoa jaten ari gara: turroiak, arkumea, pateak, urdaiazpikoa, arraina, ganbak, ardoa, xanpaina...


Horregatik uste dut mugak jarri behar ditugula. Bai, senideekin egotea eta ondo pasatzea oso ondo iruditzen zait; zerbait berezia jan dezakegu, baina neurri batean; opari batzuk egin ditzakegu, baina dirua xahutu gabe. Hau da kontsumoaren leloa: zenbat eta gauza gehiago eduki, orduan eta zorintsuagoak izango gara eta gezur hutsa da. Gure arbasoek, arkume, oilasko eta goxoki batzuekin ospatzen zituzten gabonak arazorik gabe.

Niri dagokidanez, Gabonak ez zaizkit asko gustatzen. Gabon gaua eta Eguberri Eguna bakarrik ospatzen dut familiarekin. Niretzat  senide eta lagunekin egotea da garrantsitzuena eta sortzen diren elkarrizketak batzuetan oso interegarriak iruditzen zaizkit ardo pixka bat edan eta gero. Urteko azken egunean mendizaleekin Aizkorrira joaten naiz urtea agurtzera eta Gabon Zaharra lagunekin tabernetan ospatzen dut.