Gizendu egin gara, familiarekin pozik egon gara, sabela goxokiz bete dugu, armairuak opariz beteta daude, amatxoek galtzerdi batzuk opari dizkigute, bikotekideak lurrin bat erosi digu, amaginarrebarekin eztabaida eduki dugu...Nahikoa da!! Eskerrak Gabonak bukatu direla!
Esan ditudan adierazpenak betiko topikoak dira. Nola ez! Dudarik gabe topiko hauek familia guztietan gertatzen dira, baina geure buruari galdetu behar diogu ea zer diren Eguberri Jaiak. Galdera honi erantzutea ez da hain erreza.
Alde batetik, gure aitona-amonen garaian Gabonen esanahia desberdina zen, kristautasunaren gertaera garrantzitsuena ospatzen baitzuten. Bibliak esaten du gabonetan Jesus jaio zela. Beraz, Gabonak kristauentzat erlijio zentzua dauka.
Beste aldetik, sinesgabeentzat esanahia desberdina da. Beraien kasuan neguko solstizioa ospatzen dute. Kristautasuna ailegatu baino lehen, betidanik gizakiek ospatzen zuten negu heltzea; ospakizunaren helburua hau zen, neguari ongietorria ematea.
Gaur egun, Gabonak kontsumoaren jaia dira. Berdinketa hau jarriko nuke: gabonak = kontsumoa. Gure bizitzan sortzen zaizkigun gutiziak betetzen ditugu, gure etxeetan denetik daukagu; dela janaria, dela arropa, dela tresnak eta abar, baina beharrezkoak ez diren gauzak erosi behar ditugu gabonak baitira. Hori gutxi balitz bezala, egun osoa jaten ari gara: turroiak, arkumea, pateak, urdaiazpikoa, arraina, ganbak, ardoa, xanpaina...
Horregatik uste dut mugak jarri behar ditugula. Bai, senideekin egotea eta ondo pasatzea oso ondo iruditzen zait; zerbait berezia jan dezakegu, baina neurri batean; opari batzuk egin ditzakegu, baina dirua xahutu gabe. Hau da kontsumoaren leloa: zenbat eta gauza gehiago eduki, orduan eta zorintsuagoak izango gara eta gezur hutsa da. Gure arbasoek, arkume, oilasko eta goxoki batzuekin ospatzen zituzten gabonak arazorik gabe.
Niri dagokidanez, Gabonak ez zaizkit asko gustatzen. Gabon gaua eta Eguberri Eguna bakarrik ospatzen dut familiarekin. Niretzat senide eta lagunekin egotea da garrantsitzuena eta sortzen diren elkarrizketak batzuetan oso interegarriak iruditzen zaizkit ardo pixka bat edan eta gero. Urteko azken egunean mendizaleekin Aizkorrira joaten naiz urtea agurtzera eta Gabon Zaharra lagunekin tabernetan ospatzen dut.
No hay comentarios:
Publicar un comentario