2012/01/25

HAURREN ESPLOTAZIOA HIRUGARREN MUNDUAN




Aztertuko dugun gaia, XXI. mendean ezinezkoa iruditu dakiguke, baina tamalez egia da eta haurren esplotazioak gure munduan jarraitzen du. Dudarik gabe, gizarte kapitalistaren beste ondorio bat da, baina kasu honetan hirugarren munduko umeei kalte egiten diegu. Zergatik? Hango umeek, hemengoek baino eskubide gutxiago dauzkate?

Denok dakigunez, teorian bi mundu bereizten dira. Alde batetik, garatuta dagoena eta gauzak sortzen dituena; alegia, lehen mundua. Beste aldetik, zorretan dagoena eta baliabide bakar bezala nekazaritza duena; hots, hirugarren mundua. Nola ez! Munduaren erdia beste erdiaren kontura bizi denez, esan dezakegu lehen mundua existitzeko, hirugarren mundua beharrezkoa dela. Esan nahi dudana zera da, Lurraren heren bat hain erosoa bizitzeko, beste hiru laurdenak, bizitza gogorragoa jasan behar dutela, ez erosoago bizitzeko, “bizitzeko” baizik. Desberdintasun hau apurtuko balitz, gure egoera asko aldatuko litzateke.

Jarraituz, kapitalismoaren leloa kosta ahala kosta, dirua irabaztea da. Lehen munduan ikerketak egiten dira gauzak sortzeko eta hemen eskulana oso garestia denez, multinazionalak hirugarren mundura joaten dira ekoiztera. Esate baterako, zer multinazional ez dauka lantegi bat Indian, Brasilen edo Txinan? Lehengaiak haraino eramatea eta ekoiztea, hemen egitea baino merkeagoa da. Herri hauetan, umeek beharrak bete gabe dauzkate, eta oso erraza da lanean hastea diru pixka bat lortzeko; baina hori ez da bidezkoa, gobernuek derrigorrez zerbait egin behar dute. Lan egitea ez da umeen bete beharra, helduena baizik; umeek ikasi eta jolastu egin behar dute. Non dago Umearen Eskubideen Hitzarmena?

Badirudi, multinazional batzuei ahaztu egin zaiela. Duela urte batzuk Nike-ko eta Adidas-eko kiroletako materiala (baloiak, zapatilak…) umeen eskuz egina izan zen. Hirugarren munduko umeek ogitarteko baten truke baloi bat ekoizten zuten, lehen munduko guraso batzuek baloiagatik  50 euro ordaintzeko. Zelako irabazia! Enpresa hauek salatuak izan zirenean haren irudia garbitzeko gosearen kontrako kanpaina batzuk egin zituzten. Ez da nahikoa! Jokabidea aldatu behar dute eta umeen eskubideak babestu behar dituzte.

Bukatzeko esan dezakegu, apika, egoera hau aldatzea kontsumitzaileen eskuetan dagoela. Gure ohiturak aldatu ditzakegu  hemengo produktuak bultzatzeko. Dena atzerrian ekoizten badugu, zer egingo dugu hemen? Ez da hobea herri bakoitzak beren ekonomia sortzea? Horrela ez dira hainbeste desberdintasun egongo eta herriek abagune gehiago edukiko dituzte garatzeko. Helduen ongizatea ez ezik, umeena ere hobea izango da. Zoritxarrez lehen munduan, hori guri bost axola eta gainera, aldaketa horrek ondorio txarrak ekartzen baditu, muzin egingo diogu.

No hay comentarios:

Publicar un comentario