2012/01/24

ARISTIZABAL BASERRIA



Goierriko bailara lainotuta dago; mendi gailurrak izoztuta egon arren, eguzki izpiak  hasten dira ikusten. Eskuinetara bidegurutze bat eta bat-batean gora joaten den aldapa. Hor dago bilatzen duguna, bakarrik,  XV. mendeko eraikin bat, Aristizabal baserria hain zuzen ere.

Baserri honetan ikus dezakegu nolakoa den baserritarren bizimodua. Duela hogeita hamahiru urte bere jabeak (Xabi eta Marilu) ilusioz beteta ailegatu ziren. Ez ziren baserritarrak, ez zuten beharrezko ezagutza, baina hala eta guztiz ere, bere helburua baserritar bihurtzea  zen. Hau nekez, gogoz eta ilusiz lortu dute. Baserriaren aurrean baratza eta poni batzuk dituzte, baina jarduera garrantzitsuenak hiru dira: sagardoa, sagar marmelada eta ogia osagai biologikoekin ekoiztea. Gure gelakoei, sagar marmelada egitea tokatu zaigu eta gustura egin dugu.

Sagar marmelada egiteko behar ditugun osagaiak, bi dira: sagarrak eta azukrea. Sagar mota desberdinak daude, baina erabili dugun mota Errezil-Sagarra izan da. Mota honek, besteek baina azukre gehiago du eta hoberena dela esaten dute, erabilpen desberdinetarako balio baitu: bai sagardoa egiteko, bai zukua ateratzeko…Sagarrak Aristizabal baserrikoak dira, baina sagar bat lortzeko zenbat gauza gertatu behar diren, harrituta geratzeko modukoa da.

Sagarraren bihotzean dauden pipitak, haziak dira. Udaberrian hazi hauek lurrean landatzen baditugu, sagarrondo bat aterako da, baina zuhaitz honetatik ez dugu lortuko sagar onik, oso txikiak  eta txarrak baizik. Sagar onak lortzeko txerto bat egin behar dugu. Txertoa, ebakuntza bat bezalakoa da: lehenik eta behin, beste sagarrondotik lore-begiz betetako zurtoin bat hartuko dugu; bigarrenez,  neguan sagarrondoaren enborrari pitzadura bat egingo diogu; hirugarrenez, zurtoina pitzaduran sartuko dugu eta bukatzeko masilla batekin tapatuko dugu dena. Txertoei esker nahi ditugun sagar motak lor ditzakegu.

Sagarrak lortzeko, polinizazioa ere beharrezkoa da. Polinizazio honen % 80, erleek  egiten dute; bere lana oso garrantzitsua da, lorea fruitu bihurtzeko. Horregatik Aristizabal baserrian erlauntz asko dituzte, eztia lortzeko ez ezik, polinizazioari ere laguntzeko.

Sagarraren bitxikeriak kontatu eta gero, marmelada egiteko prozesua azaltzea oso erreza da. Hau da egin behar duguna: sagarrak zuritu eta zanpatu; azukrea bota, sutan jarri eta eragin itsatsita ez geratzeko; bukatzeko poteetan sartu eta buruz behera jarri.

            Amaitzeko, esan behar dut txangoa oso interesgarria iruditu zaidala. Baserritarren jakinduria oso aberatsa da. Batzuek ez dute  ikasteko aukerarik eduki, beste batzuek ez dakite gaur egungo teknologiak erabiltzen, baina hala ere badakite zer egin behar duten bere kabuz bizitzeko laguntzarik jaso gabe (elikagaiak lortu, animaliak zaindu, baratza eta zuhaitzak landu…). Horregatik, baserritar batzuek, Xabik bezalaxe, bere bizimodua erakusteko aukera ematen digutenean, asko pozten naiz. Nire ustez, haiei esker hemengo ohiturak ez dira galduko eta lan handia egiten ari dira, baserrietako soroetan ez ezik, gizartearen onerako ere.

No hay comentarios:

Publicar un comentario