Hasiera emateko inauterien esanahia zein den azaldu behar dugu. Erdi Aro hasieran, “carnaval” hitzari buruzko iritzia eman zuen Eliza Katolikoak. Latinetik dator eta hitza bi zatitan banatzen da: alde batetik, “carne” (haragia), eta beste aldetik, “levare” (alde batera utzi). Inauteriak kristau garizuma baino lehen ospatzen dira. Garizuma ostiraletan, besteak beste, haragia jatea galarazita zegoen eta inauteriak aprobetxatzen zituzten elikagai mota hau jateko, alegia, inauterietan egiten zuten, gero garizuman debekatuta egoten zena.
Hala ere, antropologoen ustez, inauteriak jai paganoak dira. Batzuek, Antzinako Erroman Bako jainkoaren omenez egindako bakanalak zirela esaten dute eta beste batzuek berriz, negua bukatzean, izadia emankor bihurtzeko egiten zuten ospakizuna zela uste dute. Beraz, paganoak zirenez, Eliza Katolikoak inauteriei uko egiten zien eta Frankoren garaian adibidez, debekatuak izan ziren.
Inauteriak leku askotan ospatzen dira. Euskal Herrian ez ezik, mundu osoan ere jendea mozorrotzen da. Adibidez Brasilgoak eta Veneziakoak dira ospetsuenak, baina Euskal Herrikoak ere, beren xarma dute. Batez ere, Nafarroako iparraldekoak oso politak dira eta adibide batzuk jarriko ditut.
Lehenik eta behin, Malerrekan, Iturenen eta Zubietan hain zuzen ere, otsailaren lehen astean joaldunak ikus ditzakegu. Joaldunen gauza bitxiena joareak dira; bakoitzak gerrikoan bi joare daramatza zintzilik eta oinez, salto txiki batzuk ematen, ateratzen dute joaren soinua. Egun batean Iturengo joaldunak, Zubietakoen bila joaten dira, denak elkartzen dira bidean eta elkarrekin herrira bueltatzen dira. Hurrengo egunean gauza bera errepikatzen dute baina aldrebes. Joareak entzuten hasten direnean, bailaran sortzen den magia izugarria da.
Bigarrenez, Lantzen, hiru dira pertsonaiak: Miel Otxin, Ziripot eta Txatxoak. Miel Otxin herriko lapur bat izan zen eta urtero, sutara bota baino lehen epaitu egiten dute. Miel Otxini, Ziripotek eta Txatxoek laguntzen diote. Ziripot lastoz betetako panpina da, oso handia da eta ibili ezin daitekeenez, beti dago lurrean erorita. Bitartean, Txatxoek dantza egiten dute kaleetan zehar koloredun jantziak soinean dituztelarik.
Hirugarrenez, Altsasun, Momotxorroak dira pertsonaiak. Arropa odolez zikinduta, aharien larruak eta adarrak eramaten dituzte. Gauean kaleetatik ibiltzen dira oihukatzen eta beldurra sortzen jendearen artean.
Nire ustez, inauteriak babestu egin behar ditugu. Dantzak, jantziak, parodiak eta erritoak antzinakoak dira, arbasoen ohiturak dira eta belaunaldiz belaunaldi mantentzea lortu dugu. Harro egoteko modukoa da, Lurraren txoko txiki batean, horrelako inauteriak ospatzeagatik!
No hay comentarios:
Publicar un comentario