2012/02/10

PRODUKTU EKOLOGIKOAK




“Jaten duguna gara”.  Argiñakok, sukaldarietatik sukaldari ezagunena, bere saioetan beti esaten du esaldi hau. Dudarik gabe, elikagaiak dira gure gorputzaren erregaia; hauei esker, egunez egun jarraitu dezakegu betiko ekintzekin: lana, kirola, familia…Autoari erregai txarra botako bagenio, autoaren egoera gero eta okerragoa izango litzateke eta azkenean hondatuta egongo litzateke. Esan duguna, konparaketa bat besterik ez da, baina gauza bera gerta dakiguke gizakioi.

Argi eta garbi dago, elikadura oinarrizkoa dela. Agian, horregatik produktu ekologikoek gero eta garrantzi handiagoa dute; baina zer da produktu ekologiko bat? Ekoizpen ekologikoa naturala da, ez du erabiltzen produktu kimikorik, direla herbizidak, direla pestizidak, direla hormonak eta abar; horregatik, produktu ekologikoak osasungarriagoak dira gure gorputzak ez baitituzte kutsatzen. Orduan, gaur egun zergatik erabiltzen dira maiz produktu kimikoak eta lehen ez?

Gure aitona-amonen garaian ez zen existitzen produktu kimikorik eta lortzen zituzten fruituak, denak ekologikoek ziren. Produktu kimikorik gabe lehenik eta behin, zuhaitzen eta soroen ekoizpena ez zen hain oparoa, bigarrenez fruituen itxura ez zen hain polita eta hirugarrenez, luzaroan gorde ez zitzaketenez, garaian garaiko fruituak kontsumitzen zituzten. Gaur egun, aldiz, ikuspuntu hau ezinezkoa da. Lehenik eta behin, dirua irabazteko, ekoizpenak handiagoa izan behar du. Bigarrenez, produktuek koloretsu eta distiratsuak izan behar dute jateko eta hirugarrenez, neguan melokotoiak jan nahi ditugu eta udan, ordea, laranjak.

Produktu ekologikoekin naturara itzuli nahi da. Kontsumitzen dutenei produktu mota hauen itxura berdin zaie, gakoa zapor delako. Sagarrondoan heldu den sagarra, hiru hilabete lehenago hartutako sagarra baino gozoagoa dago eta gainera osasungarriagoa da. Nire ustez hauek dira kontsumoan eragina duten faktoreak: alde batetik zaporea, eta beste aldetik osasuna.

Nola ez! Ekoizpena txikiagoa bada, prezioa altuagoa izango da. Azkenean norberaren erabakia da gehiago ordaindu eta horren truke plus bat jasotzea edo gutxiago ordaindu eta osasuna galtzea. Uste dut, ez dela moda bat; euskal kontsumitzailea gero eta zorrotzagoa da, bere osasunerako hoberena nahi baitu. Elikatzeko ohiturak aldatzen ari dira eta jadanik ez zaigu inporta kantitatea, kalitatea baizik. Horregatik kalitatea bilatzen ari bagara, produktu ekologikoak babestu behar ditugu.






No hay comentarios:

Publicar un comentario