2012/02/10

SAGARDOTEGIAK



Sagardoa, sagarretik ateratzen den ardoa. Sagardotegia, sagardoa edaten den lekua; bi hitz hauek izaten dira gakoa. Denok dakigunez, Euskal Herriko edaria, sagardoa da. Lehen baserrietan sagarrak jasoz gero, urtean zehar edateko sagardoa ekoizten zuten, baina gaur egun baserritar ez garenok sagardotegi batera joanten dugu sagardoa dastatzeko.

Txotx denboraldia urtarrilaren amaieran hasten da eta otsailaren erdi aldera bukatzen da. Izan ere, sagardotegi gehienak Gipuzkoan daude kokatuak, Astigarraga, Hernani eta Urnieta ingurun, hain zuzen ere. Sagardotegiko menua hemengo elikagaiak probatzeko aukerarik onena izan daiteke. Hasteko, bakailao tortilla eta bakailaoa piperrekin dastatuko ditugu; txuletoi batekin jarraituko dugu, eta azken-bururako ardi gazta, intxaurrak eta irasagarra jango ditugu. Elikagai hauek guztiak denon artean banatuko ditugu, sagardoa izan ezik. Nola ez! Sagardoa bazkariaren erregina izaten da. Kupelera hurbildu eta gero bakoitzak, nahi duen kantitatea eta noiznahi edan dezake.

Dudarik gabe, sagardotegiek onurak dakartzate. Alde batetik, sagardotegiei esker familia asko bizi dira; adibidez, Oarsoaldean baliabide ekonomiko hau oso garrantzitsua da. Urtero, autobusetan talde pilo bat joaten dira eta dirutza uzten dute, sagardotegietan ez ezik, herrietako tabernetan ere. Beste aldetik, modu honetan, hemengo koadrilek eta senideek egun oso polita pasatzen dute jaten eta edaten eta gainera, atzerritarrek hemengo ohiturak ezagutu ditzakete. Muga oso gertu dagoenez frantses asko etortzen da, batez ere.

Hala ere, txotx denboraldiak, arazoak ere dakartza. Astebururo, goizetik gauera kanpoko jendetza tabernaz taberna ibiltzen da eta batzuetan trikitilari bat eramaten du. Azkenean zarata handia sortzen da eta noizbehinka batzuek kaleetako eserlekuak eta paperontziak apurtzen dituzte. Duela bi urte, Hernaniko Udalak irratian iragarki hau jarri zuen: Ondo pasa Hernanin, pasatu gabe, alegia, ondo pasa baina herria eta herritarrak errespetatuz. Hau ez da arazo bakarra; izan ere, azken urteotan sagardo ekoizpenari dagokionez eztabaida sortu da. Hemengo sagarrak nahikoak ez direnean,  atzerritik ekartzen dituzte eta batzuk ez daude ados erabaki honekin.

Bukatzeko esan dezakegu, sagardotegietan gauza asko nahasten direla. Alde batetik, tradizioa eta kultura, eta beste aldetik, dirua. Bai, sagardotegian gure aitona-amonen ohiturak gogoratzen ditugu, dela sagardoa, dela giroa, dela janaria…baina aldi berean jardun ekonomiko bat da. Jatetxeek ez ezik, sagardotegiek ere diru asko irabazten dute. Hala ere, nire ustez sagardotegiak, eguna lagunekin disfrutatzeko oso ondo daude; horregatik, iaz bezala itzuli egingo naiz. Txotx!



No hay comentarios:

Publicar un comentario